12. EUSKARAREN MUGAK | Euskalkiak eta euskara batua
Mugari begira
Bidaia osoan mugei begira ibili ondoren, Aritz Ganboak euskarari begiratzen dio, mugak gainditzeko tresna gisa. Zuberoan, Urrustoi-Larrabilen, Jean-Louis Davant euskaltzainak euskara batuaren sorrera kontatzen du barrutik: euskararen desagerpena bilatzen zuten bi estatu, elkarrengandik urrun bizi ziren euskalkiak, eta euskaldunak euskaraz elkar ulertzeko premia.
Txillardegiren inguruko gazteetatik eta liturgia batzen ari ziren apaizetatik, Euskaltzaindiaren zatiketaraino eta Mitxelenaren babeseraino. Gaur, Davantentzat, euskalkiak eta batua elkarrekin bizi dira eta elkar elikatzen dute, eta erronka bakarra dago: euskaraz mintzatzea. Bidean, Ainize-Monjoloseko Laborantza Ganbara, laborantza herrikoiaren alde jarritako beste mugarri bat.

















