"Euste horma bat" osatzera deitu dute Vito Quilesek Iruñean egin asmo duen ekitaldiaren kontra
Politika
Ane Garitaonandia Etxebarria
Iruñera itzultzeko asmoa jakinarazi du Vito Quiles Espainiako eskuin muturreko ekintzaileak. Urriaren 15ean Gazteluko plazan ekitaldi bat egingo duela jakinarazi du, 18:00etan zehazki, eta, hari kontra egiteko, Iruñerriko zenbait eragile, elkarte, gazte mugimendu eta sindikatuk protesta bat antolatu dute hor bertan. Quilesen ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago, 17:30ean, Gazteluko plazara biltzera deitu dituzte herritarrak, "euste horma bat" osatzeko.
Quilesen bisita "olatu erreakzionario baten barnean" kokatu dute. Nabarmendu dute olatu horrek eskubideak murriztea bilatzen duela, sektore prekarizatuenak jomugan jarriz. Klase herrikoiak zapaltzeko helburuarekin, Euskal Herriaren zapalkuntza nazionalean eragitea bilatzen duela ere esan dute.
Osteguneko mitinaren harira, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak ohartarazi du Quilesek ez duela ezer jakinarazi. Legez, hari eman beharko lioke ekitaldiaren berri, eta, artean epearen barruan izanik ere, ekintzaileak urgentziazko bidea baliatzea du kudeaketa garaiz egiteko bide bakarra.


















