Oier Zuñiga: "Definitu ezin den giroa sumatzen da Iruñean"

Oier Zuñiga Zaldi Urdina antzezlana aurkezten ari ziren pandemia iritsi zenean; ia 5 hilabete egon ziren geldirik, 45 emanaldi bertan behera gelditu zirelako bat-batean: "Sorkuntza nire ingurua ulertzeko eta errealitatera gerturatzeko erabiltzen dut, baina errealitatea hain ezjakina, arraroa eta beldurrezkoa zenean, blokeo handia sentitu nuen". Ez jakintasun handiarekin bizi izan zuen uda, ez zekielako posible izango ote zen bertan behera gelditutako emanaldi guztiak berreskuratzea, eta beldur handiarekin bizi izan zuen: "Hasieratik genekien Zaldi Urdina hasi eta amaitu egingo zela, eta nire kezka zen: Eta gero zer?"

Zuñigak nabarmendu du ardura handiz bizi izan zituela hilabete horiek: "Gu gai izan ginen Zaldi Urdina antzezlana berreskuratzeko izandako ibilbide arrakastatsuarengatik. Lagun askoren proiektuak bertan behera gelditu dira, ordea, estreinaldiak ezin egin... Proiektu asko, ideia asko kaxoian gordeta gelditu dira".

Adierazi du egoera pandemikoan herritarrak kulturaren garrantziaz ohartu direla: "Gure lagunekin bestelako emozioak bizitzeko beharra dugula ikusi dut, ohartu gara askotariko aukerak ditugula gure herrian, eta konturatu gara Nafarroan kultur eskaintza handia dagoela". Era berean, adierazi du kultur kudeatzaileek ikusi dutela ohiko inertzietatik kanpo bazeudela aukera, inertzia edota ordutegi ezberdinak: "Ikusi dugu beste era batera egin zitezkeela gauzak, eta dena ez dela neurgailu ekonomikoekin neurtu behar; kultura inbertsio bat da etorkizuna bizitzeko".

Zentzu horretan, azaldu du Iruñean mugimendu handia egon dela betidanik, beti egon dela gauzak eragiteko beharra: "Azken bost urteetan, txikitasunetik baina beharretatik abiatutako esperientzia asko sortu dira kultur ekintzailetzarekin lotura dutenak. Sortzen ari dena baino, sortzeko modua ere garrantzitsua da: sortzen ari diren sareak, elkar elikatzeak, harremanak...".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image