Skip to main content

Lander Majuelo: "Kulturaren funtzio soziala jarri behar da erdigunean"

Elkarrizketak

Lander Majuelo editoreari Igela argitaletxeko erreleboa hartzea tokatu zaio pandemia garaian. Zentzu horretan, adierazi du aldaketa handi hori eta pandemiak eragindako egoera nahastu direla: "Berez, argitaletxe gisa, balio izan digu aurrekoaren aitortza egiteko, eta norantza berri bat hartzeko presa gehiegirik gabe".

Pandemia garaian bi joera gertatu direla dio; alde batetik, bere iritziz, hainbat herritarrek liburuak baloratu dituela dio, eta bestetik, mundu mailako hainbat joera bizkortu direla azpimarratu du: salmenta digitala, Amazonen indartzea.. 2020ko Durangoko Azokan ere hori ikusi zela azpimarratu du.

Bere iritziz, "estres" egoera hauek ez dira onenak kultur esparru batek, herri batek norantz joan beharko lukeen erabakitzeko: "Irudi berritu bat daukagu, eta orain argiago dugu hemendik aurrera zein gauza egiteak merezi duen, eta nondik heldu beharko geniekeen Nafarroan eta Euskal Herrian. Beste hizkuntza gutxitu batzuetako kideek inbidiaz begiratzen diote daukagunari, baina aldi berean, ez dago planik era iraunkorrean sortzeko, edozeinentzat irisgarria izango den kultura sortzeko, bizia izango dena eta beste gauza batzuk sortuko dituena, momentu jakin batean gizarte batek dituen kezkak, beharrak... landuko dituena". Zentzu horretan, adierazi du beti egon dela borondatea gauza berriak lortzeko, eta zentzu horretan, azpimarratu du belaunaldi berriek serio eta erradikalki esaten dutela pragmatikoki askoz hobeto egin behar direla gauzak.

Bere esanetan, kulturaren funtzio soziala eta kulturaren erabilera bizia (irakuzaletasuna, egitea, norberaren parte hartzea) erdigunean jarri behar dira kultur sektorea diru laguntza berrien bidez eta norantza industrial batekin indartu beharrean: "Kultur sistema hau osatzen dugunok gauza hobeak eskaini beharko genituzke elkarlanean".

Ikusi Altxa Burua osorik nahieran.