Skip to main content

Hainbat erakundek 65 urtetik gorako emakumeek jasaten duten indarkeria matxista salatu dute

Gizartea

Maite de Felipe Suso

2026-11-23 12:17
Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, hainbat entitatek adierazpen instituzionala egin dute, adineko emakumeek sufritzen duten indarkeria matxista salatzeko. Hain zuzen ere, 65 urtetik gorako emakumeen %23k indarkeria matxista jasan dute noizbait.
‘Ez ahaztuak, ez ikusezinak’ lelopean, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko 130 toki entitatek bat egin dute ekimenarekin. Gainera, prebentzioa lantzeko eta sareak sendotzeko konprimisoa hartu dute.
Erakundeek nabarmendu dute 65 urte baino gehiagoko emakumeek pairatzen duten indarkeria “ikusezina” dela, eta arazo hori lantzea “ezinbestekoa” dela. Aitortu dutenez, “emakume askok uste dute, adinagatik, laguntza eskatzeko edo salaketa jartzeko berandu dela”. Izan ere, datuek agerian uzten dute errealitate hori; iaz, Nafarroan indarkeria matxista salatu zuten emakumeen %3k baino ez zituzten 65 urte baino gehiago.
Espainiako Gobernuko Indarkeria Matxistaren Aurkako Ordezkaritzak egindako ikerketa batean oinarritu dira erakundeak. Ikerketak gainera, agerian utzi du indarkeria matxista jasan duten 65 urte baino gehiagoko emakumeen %40k, berrogei urtez baino gehiagoz sufritu dutela indarkeria.
Bestalde, toki entintateek azaroaren 25ean kalera ateratzera eta indarkeria matxista salatzera deitu dituzte herritar guztiak.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista