Skip to main content

Angel Erro: "Oraindik ez dakit nola aterako naizen pandemiatik"

Elkarrizketak

Angel Errorentzat oso urte "interesgarria" izan da arlo pertsonalean: "Hori ez da horrela izan denontzat, eta beldurra ematen dit norbait minduko ote dudan, baina nire bibentzia pertsonala hori izan da". Pozik dago gauza ezberdinak egin ahal izan dituelako, gauza ezberdinak bizi izan dituelako, eta beste era batean topatu delako bere buruarekin: "Nik uste nuen oso pertsona aterazalea nintzela, baina ikusi dut etxe-zuloa ere izan naitekeela, neure buruarekin gustura egon naitekeela; hala ere, urte nekagarria ere izan da".

Arlo profesionalean, artikuluak idazten eta itzultzen jarraitu duela dio; betidanik egin izan du etxetik lan, eta alde horretatik, ez du aldaketa handirik sumatu: "Beharbada egoera bitxia izan da beste kontu batzuengatik: enkarguak luzatu dira, gauza asko gelditu dira kili-kolo, eta beste batzuk bertan behera gelditu dira...". Errok azaldu duenez, sortze-lana egin du hilabete hauetan, baina ez du hainbeste idatzi: "Pandemiak balio izan dit aitzakia bat emateko neure buruari zergatik ez nuen idazten". Era berean, adierazi du idazteko garaian kaleko esperientzia falta izan zaiola hortik edateko. Ez da bere kasua izan, baina, sortzaile askorentzat pandemia "indartzailea" eta "fokalizatzailea" ere izan dela dio: "Lehendik berez emankorra zena horretara jarri da". Hala ere, ez du uste pandemiari buruzko liburu asko argitaratu direnik.

Gauza ugari planteatu direla dio: urbanismoa, etxegintza, denboraren kudeaketa... Hala ere, ezkorra da etorkizunari begira: "Ni ezkorra naiz, berez, eta gizarteari dagokionez, gauzak lehenera bueltatuko direla uste dut. Oraindik ez gara guztiz honetatik atera, eta oraindik ez dakit ni nola aterako naizen: jarraituko ote dudan etxean gustura egoten, desenfrenora egingo dudan... Uhinak atzera egingo du, eta oraindik ez dakigu zer geldituko den honetatik guztitik".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.