Koro Lopez de Sabando: "Gauzarik okerrrena izan da nire 3 urteko bilobari ezin muxurik ematea"

Koro Lopez de Sabandok "ongi" eraman du pandemia. Astean behin Landaretik ekartzen zion janaria semeak, liburuak izan ditu... "Gauzarik okerrrena izan da nire 3 urteko bilobari ezin muxurik ematea; hala ere, ezin naiz kexatu, ondo egon naiz".

Hainbat whatsapp taldetako kide dela kontatu digu Korok, eta adineko gehienek egoera ongi eraman dutela uste du. "Pribilegiatua" sentitzen dela dio: "Entzumenean arazoak dituena, edo ezin dutenak irakurri... horien egoera okerragoa da. Balkoian 20 buelta ematen nituen egunero-egunero, yoga ere egiten aritu da, pilates... Nire bizia ongi antolatu nuen, eta ez nuen kilo bakar bat ere irabazi. Egunero ariketa pixka bat egiteko disziplina izan dut". 

Komunikabideetako jarduna "itogarria" eta "jasanezina" izan dela azpimarratu du, eta filtroa pasatzea beharrezkoa izan dela dio. Erresidentzietan egon diren lagunak dituela dio, eta horiek "oso gaizki" pasa dutela adierazi du: "Kartzelan bezala egon dira, giltzapean, gelatik ezin atera, gela txikietan... hori kartzela baino okerragoa da adineko pertsonentzako; oso gaizki pasa dute". Lizarrako San Jeronimo adinekoen etxean, langileek beraiek erabaki zuten bertara bizitzera joatea, eta ez zen inor hil.

Gazteen inguruan zabaldu diren diskurtsoak ere izan ditu hizpide Korok, eta sortu zituzten elkartasun sareak aipatu ditu: "20 gazte joaten ziren zaharretxeetara erosketak bidaltzera; hori ez da esaten, eta hori ere esan behar da. Gazte guztiak zaku berean sartzen dituzte eta hori ere ez da zuzena". Adineko jendeaz gain, ume txikiek ere asko sufritu dutela adierazi du, eta uste du gizarteak orokorrean ez dituela gauza asko ikasi. 

 

 

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image