Skip to main content

Maitane Azpiroz: "Gelditzea oparia izan niretzat"

Elkarrizketak

Maitane Azpiroz dantzari eta trapezista da, eta hainbat artista bezala, pandemiak goitik behera aldatu du bere bizitza. Pandemia garaian antolatutako ekintzetan energia handia jarri behar izan dute: "Ilusio handiarekin egiten dugu gure lana, eta indar handia daukagu gauzak aurrera ateratzeko. Elkartasun handia ere izan dugu gauzak aurrera ateratzeko, kultur teknikarien zein artisten aldetik, gizarteak era batera edo bestera sufritu duen tristura eta ezinegon hori leuntzeko". 

Pandemia gogorra izan dela dio, baina uste du beraientzat ez dela oraindik gogorrena iritsi: "Hilabete hauetan guztietan hainbat pieza estreinatu gabe gelditu dira, eta ez dago nahikoa merkaturik horiei guztiei aterabidea emateko". Horrez gain, instituzioen aldetik diru gutxiago jasoko dutela uste du. Pandemia garaian, berak ez zuen etxean trapezioa jartzeko aukerarik, eta hiru hilabeteren ondoren oso gogorra izan zen bueltatzea. Hala ere, uste du jendea animatuta dagoela, eta formakuntzak eskaintzeko une egokia dela deritzo: "Pandemia iritsi zenean bertan behera utzi behar izan zituen 4 edo 5 kurtso; ez zen errentagarria ikastaroak antolatzea".

Pandemia iritsi zenean gizartea oso estresatuta zegoela uste du, eta berarentzat "oparia" izan zen gelditzea: "Gelditzea oparia izan zen niretzat, nire buruarekin topatzeko, zer egin nahi dudan, zertarako nagoen hemen... Geldialdi horretan sortu zen konpainia, eta egia esan, lehen konfinamenduaren ondoren konfiantza handia nuen bizitzan; asko falta zaigu, ordea, honetatik guzitik zerbait ona ateratzeko". Metafora ikusi du gizarteak behar izan duen zaintzaren eta beraiek eguneroko lanean behar izan dutenaren artean: "Gizarteak behar izan duen zaintza guk eguneroko lanean behar dugu".

Era berean, adierazi du gizarteak bizi izan duen beldurra gehiegizkoa izan dela, eta blokeo egoerak eragin dituela. Zentzu horretan, zirkoak beldurrarekin bizitzeko, eta beldur horrekin zer egin erabakitzeko tresnak ematen dituela nabarmendu du.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.