Skip to main content

Maider Perez de Villarreal: "Gizartea gazteen epaile bihurtu da"

Elkarrizketak

Maider Perez De Villarreal unibertsitateko irakaslea da, eta pandemiaren aurretik eta ondoren jarrera demokratikoak eta balio zibikoak aldatu egin ote diren aztertu dute ikerketa batean. Galdeketa bat prestatu dute, lau dimentsiotan oinarritutakoa (printzipio demokratikoen balorazioa, parte hartzea eta erantzukizun soziala, pertsona barruko trebetasunak eta pertsonen arteko trebetasunak). Unibertsitateko lehen urteko gazteek hartu dute parte ikerketan, eta pandemiak ekarritako aldaketek beraiengan izan duten eragina aztertu dute.

Ikerketan ateratako ondorioen arabera, gai sozialekiko interesa handitu egin da, eta erakunde publikoen gardentasunari buruzko interesa ere piztu egin da gazteen artean. Era berean, kudeaketa emozionala handitu egin da, eta pertsona barruko trebetasunak garatu egin dituzte. Adinekoekiko errespetua, eta zaintzarekiko konpromiso sendoagoa ikusi dute gazteen artean, eta migratzaileekiko zein giza eskubideen aldeko interesa ere handitu egin dela ikusi dute. Emaitzak "oso positiboak" izan direla dio.

Gizartea gazteekiko epaile bihurtu dela dio: "Nik gazteengan sinisten dut; kontuan izan behar dugu herritarrok harreman sozialak behar ditugula, eta are gehiago, gazteen adinean. Oso garrantzitsua da laguntasuna sentitzea, elkartasuna... oso polita da elkarrekin nola hazten diren ikustea, eta konfinamenduak hori kendu die". Horrez gain, Maiderren iritziz, gazteek kritikotasun handiagoa garatu dute pandemia garaian: "Lehen otzanagoak ginen; kritikotasun handiagoa garatu dugu pentsatzeko informazioa iturri fidagarri batetik datorren edo ez". Era berean, balio zibikoak eta jarrera demokratikoen arloko interesa mantenduko dela uste du.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.