Skip to main content

Kanpainaren ekuatorean, alderdi gehienek demokrazio izan dute hizpide

Politika

Xabi Ealo

2026-11-20 13:54
Hauteskunde kanpaina ekuatorera helduta, gure lurraldearen luze zabalean izan dira hautagaiak.

Josu Muguruza eta Santi Brouard erail zituztela gogoratzeko Bilboko Errekalde auzoan izan da Gorka Elejabarrieta Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, eta biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioa eskatu ditu.

Azaroak 20 dituen honetan, euskal botoaren balioa aldarrikatu du EAJk Aieteko Jauregian, faxismoari aurre egiteko eta "demokrazia, askatasun eta autogobernurako bost konpromisori" eusteko.

Ermua aukeratu du Alderdi Sozialistak ostiral eguerdiko ekitaldia egiteko eta bart egon zen aurrez aurrearen balorazioa egin du. Patxi Lopez Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak adieraz du “gezurrak eta hizkera txarrek” ez dutela inoiz ezer irabazten, eta Atzo Feijoorengan ikusi zela gezurtia eta gaizki hezia dela.

Fronte Zabalak pentsioak babestu nahi ditu Espainiako Konstituzioan, eta 65 urterekin erretiro arrunta berreskuratzeko nahia azaldu du. Horiek horrela, pentsio publikoak blindatzeko eta pribatizazioa debekatzeko konpromisoa hartu du “adinekoek lo lasai egin dezaten, jakinda edozein gobernuk ezin izango dituela pentsioak murriztu edo pribatizatu”, ziurtatu du Rosa Rubio Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak.

Podemos Euskadik Irunen ohartarazi du demokrazia ez dela lortutakoa kentzea eragoztea soilik, oraindik falta dena konkistatzen jarraitzea ere badela.

Geroa Baik plangintza elektrikoaren sistema aldatzea aldarrikatu du ostiral honetan, lurralde bakoitzeko "kontsumo energetikoaren errealitateari" erantzuteko, "Madrilera megawatt eskean itzuli behar ez izateko".

Hala eskatu du Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologikoko kontseilariak, Pablo Azcona koalizioko zerrendaburuarekin batera.

Kongresurako PPren Gipuzkoako zerrendaburuak Errenterian nabarmendu du Alderdi Popularrak "Espainia osoan, baita Gipuzkoan ere, milioi bat etxebizitza eraikitzea" proposatzen duela, etxebizitzaren alorreko egungo "eredu dekadente eta interbentzionistaren" aurrean.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista