Amaia Nausia: "Emakumeen jarduna etengabea izan da pandemia garaian"

Amaia Nausiaren iritziz, historikoki krisialdietan emakumeengan erori da zaintza lanen ardura, eta berdina gertatu da orain ere: "Itxialdia hasi zenean esaten zen lanak banatuko genituela, biak etxean egonda zaintzak aldatuko zirela, baina kontrakoa ikusi da. Valentziako Unibertsitateak ikerketa bat egin zuen, eta hor agerian gelditu da itxialdiko pertsona estresatuenak telelanean ari ziren amak izan zirela". Itxialdi ondorengo ezegonkortasunean soldatarik gabeko oporrak edota jardunaldi murriztuak eskatu dituztenak emakumeak izan direla azpimarratu du. Adierazi du emakumeen jardunaldia etengabea izan zela: "Ez jardun produktiboak, ez eta zaintzarenak ere ez zuen amaierarik".

Bere esanetan, emakumeek ordaintzen dute prezio bikoitza horrelako krisialdien aurrean sistemak ez badu malgutasunez jokatzen: "Sistema kapitalista patriarkal honetan zaintza-lana aurreikusita ez dagoenez, ez du erantzun egokirik horrelako lurrikara batean aurrean. Horregatik, sistema aldatu behar dela aldarrikatzen dugu".

Nausiak nabarmendu du eskaintza unibertsala eta berdina izan behar dela, eta beraz, publikotasunaren aldeko pausoak eman behar direla azpimarratu du, horrek emakumeen lana murriztuko lukeelako eta gizartearentzako ere onurak ekarriko lituzkeelako: "Kapitalismoaren mantra da pribatizazioaren eskutik hobeto kudeatzen dela, baina hori ez da egia, interes ekonomikoak daudelako tartean. Estatuaren lana izan beharko litzateke giza-etekinari begiratzea".

Pandemiari aurre egiteko modua oso hierarkikoa, disziplinatzailea eta patriarkala izan dela nabarmendu du, eta adierazi du ongizatea osasuna baino gehiago den arren, buru osasuna eta beste ongizate mota batzuk ez direla zaindu: "Historiagilea naizen aldetik, gaur egungo moduek XVI. mendeko disziplinamendua gogoratu didate: esatu modernoa eraiki behar zenean, jarrera publikoak eta pribatuak indartu behar ziren bake soziala eraikitzeko eta estatua indartzeko, oso modu paternalistan, erru indibidualaren diskurtsoarekin, eta zentzu horretan, atzerapauso ikaragarria izan da".

Ikusi Altxa Burua osorik nahieran.

 

 

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image