Skip to main content

Ainhoa Juaniz: "Espero dut aseptikoak ez bihurtzea"

Elkarrizketak

Ainhoa Juaniz Zirika Zirkus taldeko kidea da, eta pandemiak beren lanean izan duen eragina izan dugu hizpide. Berrerabizi ikuskizuna estreinatu behar izan zuten abenduaren 19an, baina pandemia iritsi zenean, animazioa ikuskizun bihurtu behar izan zuten, eta beren jarduna urtebete atzeratu da: "Martxoan hasi behar genuen ikuskizun berriarekin, eta ekainean estreinatu, eta urtebete beranduago estreinatu dugu. Urtebeteko atzerapena izan da, eta animaziozko emanaldia izan behar zuena, ikuskizun bihurtu da. Hala ere, lana nahiko normal egin dugu profesionalki".

Juanizek nabarmendu du oso konpainia "hurbila" direla, eta pandemiak eragina izan duela publikoarekiko harremanean: "Oso konpainia hurbila gara, jendearen artean ibiltzen gara, eta gure egiteko modua asko aldatu da. Ikus-entzunezko formatua zabaldu da, bideoak egin ditugu, Zubirin etxez etxe egin genuen ipuin lehiaketaren sari banaketa... gauzak berriak ekarri ditu pandemiak".

Ainhoak espero du "herri aseptikoa" ez bihurtzea: "Espero dut besarkadak bueltatzea, laztanak...". Era berean, nabarmendu du espero duela bueltan jasotzea artistek hilabete hauetan eman duten guztia: "Konfinamendu garaian hor egon gara, eta espero dut hor jarraitzea hau guztia pasatzen denean". Euskaraz programatzen diren ekimenetara joatearen garrantzia ere nabarmendu du Juanizek: "Euskaraz programatzen da, eta joan behar dugu. Ezin gara kexatu gero".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.