Skip to main content

Nafarroako Torturatuen Sareak Iker Aristuren heriotza salatzeko eskatu die erakunde publikoei

Politika

Ane Urkola Agirrezabala

2026, ira. 08 - 12:09
Iker Aristu Etxeberriaren ingurukoek haren heriotza torturarekin lotu dute, eta sare sozialetan zabaldutako mezu batean nabarmendu dute, “ezin dela ezarritako sistemarekin eta haren indar errepresiboekin bizi”. Ildo horretan, Nafarroako Torturatuen Sareak erakunde publikoei eta eragile politikoei gertatutakoa salatzeko eskatu die.
Zehazki, 2008an atxilotu zuten kale borrokaren aurkako operazio batean, eta gero epaiketan absolbitu egin zuten. Ostean, Polizia Nazionalak Fernando Grande-Marlaskaren, orduko Auzitegi Nazionaleko epailearen eta gaur egungo Barne ministroaren agindupean Aristu atxilotu zuen. Tortura larriak jasan zituela salatu ondoren espetxeratu zuten.
Izan ere, Aristu torturaren biktima gisa ofizialki aitortutako pertsona bat zen. Nafarroako Toruratuen Sareak argitaratutako idatzian argi utzi dute “torturatzaileek hor jarraitzen dutela”; askotan “aurpegirik gabe, ahots, usain edo begirada bat baino ez dira” eta beste batzuetan, berriz, “inolako lotsarik gabe komunikabideetan edo kalean”. Hori horrela, sareak torturatzailei zuzendu zaie, esanez, “egunen batean munduak nortzuk zareten jakingo duela”, eta egia, justizia eta erreparazioa eskatu du.
2024ko ekainean, Nafarroako Gobernuak torturaren biktima gisa aitortu zuen Aristu. Nafarroako Torturatuen Sareak emandako datuen arabera 5.000 kasu baino gehiago daude Euskal Herri osoan.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista