Iruñeko Arrozak deituta, urriaren 12an hiriko kaleak zeharkatuko dituzte faxismoa eta arrazakeria salatzeko
Politika
Maite de Felipe Suso
Iruñeko Arrozak deituta, manifestazioa egingo dute urriaren 12an faxismoa eta arrazakeria salatzeko. Deitzaileek jakinarazi dutenez, nahita aukeratu dute eguna Iruñeko kaleak zeharkatzeko, azaldu dutenez, “Espainia erreakzionarioak bere inperio arrazista eta patriarkala ohoratzen dituen” eguna aukeratu dute. Aldiz, oraingo honetan, nabarmendu dutenez, urriaren 12an Iruñea “solidarioa, behetik eta ezkerretik osatutakoa, jatorri, kultura eta kolore guztietako lagunez beteko dute”.
Manifestazioan, deitzaileen hitzetan, “gure arteko desberdintasunak gainditu eta guztioi mehatxu egiten digun munstro faxistaren aurka batuta borrokatzeko borondate irmoa aldarrikatuko dugu”. Hain zuzen ere, azpimarratu dute urriaren 12a Iruñean, “elkarrekin amesteko eta borrokatzeko” eguna izango dela, “aberastasunaren banaketaren alde, bizitza duinen alde eta pertsona guztientzako eskubide guztien alde”.
Manifestazioaren ondoren, Txantreako auzoan jarraituko dute; bertan, arrozak egingo dituzte. Deitzaileek ekimen solidarioa dela gogoratu dute, eta horregatik prestatzen diren arroz guztiak “elkartasun keinu gisa” antolakuntzari emango zaizkiola. Argi utzi dute, beraz, lortutako etekin ekonomikoek helburu solidarioa izango dutela.

















