Skip to main content

Ceutan dauden migratzaileek jasandako erasoak salatzeko kontzentrazioa egin dute Iruñean

Gizartea

Maite de Felipe Suso

2026, ira. 21 - 12:09

Ceutara iritsitako migratzaileak babesteko eta jasan dituzten erasoak salatzeko kontzentrazioa egin dute larunbat honetan. Iruñeko Arrazakeriaren Kontrako Plataformak deituta, ehunka pertsona batu dira Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean. Bertan, “erruduna” Europar Batasuna dela adierazi dute, eta “Ceutakoa ez dela segurtasun-arazo bat, arrazakeria baizik” azaldu dute.

Deitzaileen iritziz, Ceutako egoera migrazio-politiken ondorioa da, hain zuzen ere, azaldu dute mugak “salbuespen eremu” bihurtu dituztela eta “bortizkeria, tratu txarrak, jazarpena eta heriotza normalizatu eta zuritu dituztela”.

Era berean, kontzentrazioan Marokotik Ceutara bidean hil direnak gogoratu dituzte, eta Ceutan eta Melillan egin diren giza eskubideen urraketak ikertzeko exijitu dute.

Uztailaren amaieran milaka migratzaile heldu ziren Ceutara eta Iruñeko Arrazakeriaren Kontrako Plataformaren arabera, “eskuinaren eta eskuin muturraren kontakizunak migratzaileak etsai eta inbaditzaile gisa” aurkezten ditu. Kontakizun horri aurre egiteko eskatu du plataformak eta azpimarratu du ez dutela onartuko migrazioa gizagabetzea “kontrol eta errepresio politikak zuritzeko”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista