Skip to main content

Milaka gazte bildu dira Elizondon Gazte Topagune Sozialistaren seigarren edizioan

Politika

Ane Garitaonandia Etxebarria

2026, urr. 12 - 13:10

Milaka gazte elkartu dira Elizondon Gazte Topagune Sozialistaren seigarren edizioan, lau egunez sozialismoaren aldeko indarrak batzeko helburuarekin.

Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak antolatu dute ekimena. 2019an Azpeitian egin zuten lehen edizioa, eta ordutik Altsasun, Durangon eta Iruñerrian ere izan da topagunea.

Aurten, berriz, Baztanera eraman dute hitzordua. Joan den ostiralean hasi zen egitaraua, eta ehunka gazte iritsi ziren Elizondora, lau egunetarako prestatutako kanpalekuan kokatzeko. Hitzaldiak, mahai-inguruak, aldarrikapen politikorako ekimenak, kultur emanaldiak eta kirol jarduerak uztartu dituzte egunotan. Besteak beste, materialismo historikoa, militantzia politikoa, etxebizitzaren auzia, sexu-industria, krisi ekologikoa, antifaxismoa eta nazio-auzia izan dituzte hizpide hainbat hitzaldi eta mahai-ingurutan.

Eztabaida politikoaz gain, aisialdirako eskaintza zabala ere prestatu dute antolatzaileek. Pilota partidak, mendi-lasterketa, boleibol txapelketa, boxeo saioa, herri-kirol erakustaldia eta antzerkia izan dira egitarauaren parte.

Musikak eta kulturak ere leku nabarmena izan dute, hainbat kontzertu eta umore ikuskizunekin. Horrez gain, Ekida Arte Ekimen Sozialistak Hemendik da bidea. Mugako istorioak emanaldia eskaini du.

Horrela, formakuntza politikoa, aldarrikapena eta aisialdia uztartu dituzte Elizondon, Mugimendu Sozialistaren urteko hitzordu nagusietako batean.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista