Skip to main content

Soldaten igoera aldarrikatuko ditu ELAk ikasturte berrian, inflazioari eta langileen “pobretzeari” aurre egiteko

Ekonomia

Uxue Garro Irastorza

2026, ira. 07 - 15:09

Langileriaren soldaten igoera aldarrikatzea izango du ardatz ELAk 2026-2027 ikasturtean, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko eta herritarren pobretzea geldiarazten saiatzeko. Halaxe jakinarazi du sindikatuak astelehen honetan Bilbon eginiko agerraldian. Horrez gain, sektore publikoko gatazken areagotzea aurreikusi du eta ekintza sindikala indartzeko beharra azpimarratu du, plantillek dituzten “egiturazko arazoak behin betiko konpontzeko”.

Inflazioaren ondorioak arintzeko, ordainsariak kontsumoko prezioen indizetik gora igotzea planteatu du ELAk. Izan ere, azken urteetako gorakadaren ostean, etxebizitzak, energiak eta elikagaiek euskal herritarren gastuaren %50 suposatzen dute, besteak beste. Bizitzaren garestitzeak langileriarengan izan dezakeen eragina kezkaz ikusi du Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak. Horrexegatik, zentralak ez du aipaturiko KPItik gorako ordainsari igoerarik aurreikusten ez duen hitzarmenik.

Honi lotuta ere, gutxieneko soldata propioaren borrokari eutsiko dio ikasturte berrian ELAk. Sektore guztietan 1.500 euroko ordainsariak exijituko ditu eta, eurek sinaturiko akordioetan, berriz, 1.600 euroko LGS eskatuko dute. Izan ere, “1.500 eurotik behera bizitzea ezinezkoa da Euskal Herrian”, Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoaren esanetan.

Sektore publikoak ere zeresana emango du datozen hilabeteetan, ELAren ustetan. Mobilizazio ugari izango direla uste dute, besteak beste, Osakidetzako, Hezkuntzako edota udaletako langileen lan-baldintzen hobekuntza aldarrikatzeko. Eusko Jaurlaritzak ez diela haien “sakoneko arazoei erantzuten”, ezta “inbertsioa handitzen” ere salatu du Lakuntzak. Hori bideratzeko asmoz, mobilizazioen egutegia zehazten ari direla jakinarazi dute, beste hainbat sindikaturekin elkarlanean.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista