
Gure begiz
Aste honetan onartzekoa da Memoria Demokratikoaren Legea, Felipe González eta Nuñez Feijooren kritikekin; azken honek Miguel Angel Blancoren hilketaren urteurrena baliatu zuen EH Bilduren aurka egiteko eta legea indargabetuko zuela hitz emateko.
Bestalde, hautsak harrotu ditu Antonio García Ferreras La Sextako kazetariaren eta Villarejo komisario ohiaren audio berriak, agerian utzi dutelako nola fabrikatu zen Pablo Iglesiasek Granadinasen zuen kontuaren albiste faltsua.
Testuinguru honetan, AEBko Auzitegi Gorenak Bideni argi berdea eman dio Trumpek abiarazitako 'Mexikon geratu zaitez' migrazio politikak bertan behera uzteko. Honek irekitzen duen bideaz aritu da Vero Satrustegi kazetaria.
Ezkabako gotorlekua eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzea hitzartu du EH Bilduk Madrilekin, Memoria Demokratikorako Legearen baitan. Erreparazioaren bidean "aurrerapausoa" dela adierazi du Aizpuruak, eta "hainbestetan ukatutako errealitate isilarazia azaleratzea lortu" dutela.
Auzitegi frankistak legez kanpokotzat jotzea eta ezarritako zigorrak baliogabetzea ere adostu du koalizioak; eta Memoria Legea 78tik 83 amaiera arte luzatzea. Hori horrela, "Trantsizio eredugarriaren kontakizuna kolokan jartzeko" bide bat ireki dutela eta 1983ra arte gertatutako giza eskubideen urraketak "berrikusteko" aukera zabaltzen dela adierazi du.
Dena den, memoria inklusiborako bidea "luzea" dela oraindik aitortu du; "Oraindik lan asko dago egiteke memoria inklusiboa eraikitzeko eta bi motatako biktimarik ez egoteko".
NATOren goi-bileraren helburua da Aliantzaren estrategia berria adostea. Hartuko diren neurrien artean badira aurreikuspenak; alor militarrean inbertsioak handitzea edota Errusiarekin mugan dauden herrialdeetan 300.000 tropa alerta gorenean ezartzea.
Goi-bilera honen gakoak eman ditu Asier Blas EHUko zientzia politikoko irakasleak. Besteak beste, honen ondotik Europa AEBra "ainguratuta" geldituko dela azaldu du; eta besteak beste, ekonomikoki ondorioak pairatuko dituela Europak Eurasiatik isolatuta geldituta.
Suedia eta Finlandian NATOn sartzeko Turkiak kendutako betoari buruz adierazi du Errusiak hori gertatu zitekeela bazekiela; baina gai honetan aztertu beharrekoa Kurdistanekin lotuta izango dituen ondorioak aztertzea komeni dela. Aliatuak galdu dituelako, eta hemendik aurrera PKK alderdia zein YPG miliaziak terroristatzat joko dituztelako.
Oro har, gastu militarraren handitzea hartuko diren erabakien artean da, baita Europa ekialdeko mugetara 300.000 soldadu bidaltzea "alerta gorenean"; hori horrela, gerra nola amaitu baino, gerra nola egin adosten ari direla gaineratu du.
LGTBI herritarren errealitateari buruzko diagnostikoa egin dute Legorretan, herri "bizigarriago" bat sortzeko asmoz. Legorretako Udalak sustatu du proiektua, Sudergintza eta Hiruki Larroxa kooperatiben eskutik, eta Emakundek diruz lagunduta. Ekimenari buruzko xehetasunak eman ditu Zuriñe Rodriguez Sudergintzako kideak.