Skip to main content

Sexu heziketa integrala eztabaidagai Perun

Gure begiz

Nazioartera begira jarri gara Vero Satrustegi kazetariarekin. Apirilaren 15ean Renovación Popular alderdiko Maria Jauregi Martinez de Aguayok lege-proiektu bat aurkeztu zuen, familiek seme-alabek jasoko duten sexu-heziketari buruz erabaki dezaten bermatzeko. Hala ere, proposamena oso kritikatu da, adingabeek informazio egokia eta kalitatezkoa eskuratzeko duten eskubidearen aurka doalako.

Perun nerabeen haurdunaldiek %40 egin zuten gora 2020tik 2022ra bitartean. Aurten, 14 urtetik beherako 176 adingabe izan dira ama Osasun Ministerioaren arabera. Gainera, datu ofizialek diotenez, bortxaketa gehienak, %71 zehazki, neskato adingabeek sufritzen dituzte. Azken lau urteetan gorazko joera izan duen datua da, Satrustegik azaldu duenez. Zenbaki horiek nahikoa izan beharko lukete sexu heziketa integrala sustatzeko eta dagoena, egotekotan, indartzeko. Gauzak horrela, Renovacion Popular alderdiak gurasoei aukeratzeko beta eman nahi die. Seme-alabak sexu heziketa jaso nahi ez izatearen atzean, hamaika arrazoi egon daitezkeela azpimarratzen dute alderditik. Hala, familiak izango dira informazio hori nola eman erabakiko dutenak, euren sinesmenen arabera. Proposamen horrek Hezkuntza Lege orokorrean jasota dagoen 5.artikulua aldatzea bilatzen du.

Kontra daudenek azpimarratzen dute proposamenak ukatu egiten duela haurrek eta nerabeek duten eskubidea, berea adinaren arabera Estatuaren partetik informazio egokia eta kalitatezkoa jasotzeko. Kasu honetan, bere buruak babesteko eta sexu abusuak identifikatzeko eta salatzeko.