Jospo Barrutia, EHPM: "Madriletik hitz onak baina pausu gutxi"
Elkarrizketa
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hitzordu garrantzitsua izango du larunbat honetan, urriaren 24an, Madrilen. Pentsio publiko duinak bermatzeko eta gutxieneko pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren parekoa izatea eskatzeko mobilizatuko dira beste behin. Euskal Herritik 250 pentsiodun inguru joango direla azaldu digu Jospo Barrutiak, mugimenduko kideak, Gurean Gaur saioan egin diogun elkarrizketan.
Urteak daramatzate pentsiodunek kalean, astelehenero euren eskubideen alde mobilizatzen. Barrutiarekin pentsiodunen eguneroko errealitateaz, prezioen igoerak erosahalmenean duen eraginaz eta emakumeen eta gizonen pentsioen arteko arrakalaz hitz egin dugu. Halaber, urte hauetan lortutako aurrerapausoak eta oraindik egiteko dagoen bidea izan ditugu hizpide.
Madrilgo mobilizazioaren ondoren ere, pentsiodunen aldarrikapenek jarraipena izango dute. Izan ere, azaroaren 3an Gasteizen izango dute hurrengo hitzordua, eta azaroaren 11rako deitutako greba orokorrarekin ere bat egingo dutela aurreratu du Barrutiak. Pentsio duinen aldeko borrokan ez ezik, zerbitzu publikoen eta herritar guztien bizi-baldintza duinen aldeko mobilizazioetan ere parte hartzen jarraitzeko asmoa dute.

















