Skip to main content

“Muntai polizial eta mediatikoa” salatu du Aske antolakundeak

Politika

Ane Garitaonandia Etxebarria

2026-10-22 12:14

Gasteizko Santa Maria Plazan, Aske antolakundeak prentsaurreko bat egin zuen atzo, pasa den larunbatean atxilotutako Malen, Aratz eta haien senide eta ingurukoei elkartasuna adierazi eta hauen aurkako “muntai polizial eta mediatikoa” salatzeko. 

Aske antolakundeak salatu du larunbatetik ona, Espainiako Estatuko hedabideek “kanpaina mediatiko bortitza jarri dutela martxan”. Gaineratu dute, atxilotuen informazio pertsonala eta kontrolean ateratako argazkiak zabaldu eta “Jardun Koordinadoraren aurkako gezurrez beteriko akusazio larriak” egin dituztela. 

Askeren arabera, balio gabeko frogak erabili dituzte “armak eta lehergailuak fabrikatu eta edukitzea” edo “talde terrorista bateko kidea izatea” egozteko. Froga gisa estintoreak pinturaz nola betetzen diren erakusten duen bideoa soilik erakutsi dutela argudiatzen dute. Abokatuek diotenez, “akusatuei defentsarako aukerarik ez zitzaien eman”, eta “presio mediatikoaren eraginez epaileak saioa hasi aurretik zuen erabakita espetxeratzea”.

Bestalde, Asketik salatu dute, senideei, “Soto del Real eta Alcaláko espetxeetara eramango zituztela” esan zietela. Atxilotuetako batek Extremeratik egindako dei batekin jakin dute ordea hori gezurra dela. Beste atxilotuaren berririk ez dute oraingoz. Egoera hau “atxilotu eta ingurukoen artean ezinegona eta sufrimendua eragiteko baliatu dutela” salatu dute. Bukatzeko, “muntai polizial eta mediatiko” honen helburua, “militantzia politikoa kriminalizatu eta gizartean izua zabaltzea” dela diote.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista