Gernikak Italiari eskatu dio onar dezala bonbardaketan izan zuen erantzukizuna
Politika
Ane Garitaonandia
2025, api. 28 - 17:04
88 urte joan dira Alemaniako Kondor eta Italiako Aviazione legioen hegazkinek Gernika bonbardatu zutenetik. Urteurrenaren harira, sirena hotsak, isiluneak eta lore eskaintzak izan dira protagonista, orain 88 urte jasandakoak gogoratzeko. Jose Maria Gorroño Gernikako (Bizkaia) alkateak 1937ko bonbardaketan izandako erantzukizuna onartzeko eskatu dio Italiako Gobernuari. Bakearen eta Adiskidetzearen Aldeko Gernika sariak banatzeko ekitaldiaren aurkezpenean egin du eskaera. Nabarmendu du lehendabizi Alemaniak aitortu zuela eragindako kaltea, ondoren Espainiak, 2022an, eta txartzat jo du Italiak oraindik halakorik egin ez izana.

