Skip to main content

Bilboko hilketa matxistak baldintzatutako azken kanpaina eguna

Politika

Asier Errasti

2026-11-27 12:56

Azken kanpaina-eguna erabat gazi-gozoa izan da alderdi guztientzat, Bilbon atzo arratsaldean izandako hilketa matxistak erabat baldintzatu baitu gaurko agenda politikoa.

EH Bilduk ohar bidez jakinarazi du ostiral honetarako aurreikusita zituen kanpainako ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki duela, gaur goizaldean Bilbon gertatutako hilketa matxista salatzeko eta horren aurrean dolua adierazteko.

Ondorioz, bertan behera geratu dira gaur arratsaldean Iruñeko Labrit pilotalekuan egitekoa zen kanpainaren amaierako ekitaldia, baita Hego Euskal Herri osoan egitekoak ziren gainerako ekitaldiak ere.

Oharrean, ezker subiranistak euskal gizarteari dei egin dio mugimendu feministak gaur arratsalderako eta datozen egunetarako indarkeria matxistaren aurka deituko dituen gaitzespen-mobilizazioetan parte hartzera.

Eusko Alderdi Jeltzaleak atzoko hilketa matxista gaitzesteko minutu bateko isilunearekin hasi du Donostiako Haizearen Orrazian egin duen ekitaldia.

Horren ostean, Maribel Vaquerok, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, igande honetan jokoan dagoena oinarrizko eskubideen defentsa dela adierazi du, baita gure seme-alaben etorkizuna ere.

Horregatik, Vaquerok EAJren aldeko botoa eskatu du. Bere esanetan, Euskadik benetako euskal talde sendo bat behar du bere interesak defendatzeko. EH Bilduri emandako botoa Espainiako ezkerrean diluiturik geratuko dela ere azpimarratu du.

Euskadiko Alderdi Sozialistak ere Donostian egin du bere ekitaldi politikoa, eta, jeltzaleek bezala, Bilboko atzoko hilketa matxista gaitzetsiz hasi dute hitzartzea. Horren ostean, gaur goizeko mitinean, gazteak eta haien oinarrizko eskubideak izan dituzte hizpide, bereziki indarra etxebizitzan eta soldata duinetan jarrita.

Gabriel Arruek, Kongresurako Bizkaiko hautagaiak, argi adierazi du, bere ustez, oinarrizko eskubide horiek bermatzeko aukera bakarra botoa Alderdi Sozialistan kontzentratzea dela.

Eneko Andueza idazkari nagusiak, bere aldetik, Euskadiko eta Espainiako gazteria beti progresista dela eta izango dela adierazi du. Gazteei, beren eskubideak defendatzeko kalera irteten direnei, PSOEren alde bozkatzeko deia egin die.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista