Betirako agur esan diote Hatortxu Rock musika eta elkartasun jaialdiari Lakuntzan
Politika
Aiora Sillero
Betirako agur esan diote Hatortxu Rock jaialdiari Lakuntzak, 26 urteko bidea egin eta gero. Aurtengoa 30. edizioa izan da eta bertara milaka pertsona hurbildu dira euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde egitera.
Poza, tristura eta maitasuna batu dira egindako amaiera ekitaldian. Antolatzaileek bertan azpimarratu dute “emozioz beteriko lau egun” izan direla eta emandako datuen arabera urte hauetan guztietan zehar 30.000 boluntario ingururi esker egin du aurrera jaialdiak. Edizio hau ez dela soilik musika jaialdi baten amaiera izan adierazi dute, baizik eta herri baten memoria kolektiboan iltzatuta geratuko den une berezia.
Gaineratu dute, jaialdia antolatzea “bidaia zoragarria” izan dela baina “Hatortxu hiltzeko jaiotako ekitaldia izan dela beti, inoiz ez dela helburua izan, tresna baizik”. Testuinguru horretan bertan egon direnengatik eta egon ezin direnengatik oihu eta txalo artean amaiera eman diote jaialdiari.
Hatortxuk agur esaten duen arren beste musika jaialdi batek hartuko duela lekukoa iragarri dute. Aske izena hartuko du eta abenduaren 27an egingo dute lehen ekitaldia, Atarrabian. Jaialdi berri hau askatasunaren alde lanean jarraitzeko helburua duela hitz eman dute.