Skip to main content

Arabako Batzar Nagusiek Trebiñu Araban txertatzearen aldeko mozioa onartu dute

Politika

Ane Garitaonandia

2025, Maiatza 15 - 13:05

Arabako Batzar Nagusiek Trebiñu Araban txertatzearen aldeko mozioa onartu dute. Elkarrekin Arabak aurkeztutako mozioaren erantzuna izan da, horrela, Arabako Batzar Nagusiek babesa eman diete Trebiñu eta Argantzungo udalei, azaldu dutenez, Trebiñuko Enklabea Araban integratzeko eta egoera ezohiko eta anakronikoari irtenbidea emateko abian jar ditzaketen ekimen guztiak babestuko dituzte. Onartutako akordioa ganberako gehiengoak sinatu du, EH Bilduk, EAJak, PSEk eta Elkarrekin Arabak.

Mozioak Trebiñuko herritarrek EHUko bekak jasotzeko aukera izatea ere aldarrikatzen du, Araban sartzeko balizko prozesua amaitu arte. Horren harira, EH Bilduko, Eva López de Arroyabek, integrazioaren alde egiten duten guztien arteko lankidetza bultzatzearen alde dagoela adierazi du, eta azpimarratu du, aldarrikapen historiko bati berriro heltzeko eta behin betiko irtenbidea emateko lehen urratsa izan behar duela. Gogora ekarriz, Araba eta Burgos arteko hitzarmen markoa aldi baterakoa eta salbuespenezkoa izan behar duela eta integraziorako pausoak eman behar direla.

Egungo Trebiñuko egoera berezia da, izan ere, Burgosko probintziako lurraldea da, eta beraz, Gaztela eta Leongo autonomia-erkidegokoa, baina Euskal Autonomia Erkidegoaren zati den Arabako probintziak inguratzen du erabat. Geografikoki, gainera, Gasteiztik Burgos probintziatik baino askoz gertuago dago. Hala ere, administratiboki Burgos eta Gaztela eta Leonen menpe dago. Egoera hau eztabaidarako arrazoi izan da askotan, esaterako, Covid 19ak eragindako pandemian, udalerriak Euskal Herrian ezarritako neurrien alde egin nahi zuen arren, Gaztela eta Leongokoak jarraitu behar zituen.

Aurten, 11 urte bete dira Arabako Batzar Nagusiek Trebiñu Araban sartzearen aldeko azken mozioa onartu zutenetik, eta 27 urte, Trebiñuko gehiengo zabal batek Araban herri-kontsultan sartzea aldarrikatu zuenetik.

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista