Skip to main content

Patti Smith, Bad Religion eta Marilyn Manson izango dira Azkena Rock jaialdiaren 25. urteurrenean

Kultura

Ane Garitaonandia Etxebarria

2026, urr. 01 - 12:10

Azkena Rock jaialdiak mende-laurden bateko rock’n’rolla ospatzeko egitaraua aurkeztu du. Ekainaren 17tik 19ra egingo dute festibalaren 25. aldia, eta 60 talde igoko dira Mendizabalako oholtzetara, tartean Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilco daude. Izen handiko taldeak igoko dira oholtzara. Tokiko talentuak ere izango du tokia: Euskal Herriko taldeen artetik, Marte Lasarte eta Barrrk taldeak ere izango dira.

Ohiko lau eszenatokiei beste bat gehituko diete, Strawhouse izenekoa, folk, country eta blues sustraiak dituzten emanaldi akustikoetarako landa-agertoki berria. Bestalde, Trashville Allstars & Friends espazioak Azkenako publikoak ezagun dituen taldeak eta jaialdian lehen aldiz izango diren hainbat artista bilduko ditu.

Sarreren salmenta abian da jada, bai aurreko jaialdietara joandako zaleentzat eta bai publiko orokorrarentzat. Guztiak azkenarockfestival.com atarian daude eskuragarri.Gazte Bonua ere eskuratu ahal izango da (24 urtetik beherakoentzat),baita Kuadrilla Bonua ere, jaialdiko lagun-talde fidelentzat pentsatua (6 bonu prezio murriztuan). 14 urtetik beherakoek doan izango dute sarrera.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista