‘Naparra’ kasuaren dokumentuak desklasifikatzeko eskatu du GEBehatokiak
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Espainiako Gobernuak Jose Miguel Etxeberria Alvarez ‘Naparra’ren bortxazko desagertzeari buruzko dokumentuak desklasifikatu ditzala eskatu dute. Idatzia helarazi die Giza Eskubideen Behatokiak Madrilgo kameretako euskal diputatu eta senatariei, desagertu zenetik 46 urte betetzen direlako ostegun honetan.
46 urte beteko dira ‘Naparra’ azken aldiz bizirik ikusi zutenetik, eta geroztik honen familia “etengabeko bilaketan” aritu da. 2017an, Ramón Francisco Arnau de la Nuez ustezko guardia zibil ohiak publikoki adierazi zuen, CESIDentzat lanean ari zen garaian José Miguel Etxeberriaren gorpuzkien kokapen zehatzaren berri izan zuela. Informazio hori familiari eman zion, baina lekua ikertu zuten arren, ez zuten gorpua aurkitu.
Behatokiaren arabera, arazoa ez da “non bilatu ez dakitela”. Haien esanetan, oztopo nagusia da Espainiako Gobernuak “uko egiten diola” Arnauk emandako datuak CESIDeko artxiboetako informazioarekin bat datozela ofizialki berresteari. Azpimarratu dute hori dela eskatzen duten gauza bakarra, eta berrespen hori ez emateak egia jakiteko eskubidea oztopatzen duela.
Horregatik, gutuna bidali diete Espainiako Parlamentuko ordezkariei. Bertan, dokumentuak desklasifikatzeko arrazoiak azaldu dituzte: besteak beste, familiak 46 urte daramatzala ziurgabetasuna, sufrimendua eta etengabeko bilaketa jasaten.
Hala, dokumentazio ofiziala existitzen dela “ukaezina” dela nabarmendu dute eta igarotako denboraren ondorioz ez dagoela hainbeste urtez luzatu den krimen baten desklasifikazioa ez onartzeko arrazoirik, ez baitago segurtasun nazionala arriskuan jar dezakeen informaziorik ezta estatu-arrazoirik ere


















