Skip to main content

Enrique Mayak Iruñeko alkate ohiak Alde Zaharrean erasoa jasan izana salatu du

Gizartea

Gaizka Leitza eta Leire Llano

2026, eka. 10 - 14:06

Enrique Mayak Iruñeko alkate ohiak hiriburuko Alde Zaharrean gazte batengandik erasoa jasan duela salatu du astearte honetan Udaltzaingoaren aurrean. Salaketaren arabera, alkate ohiaren ondotik igaro zen gazte batek “listua bota”,” zer nazka ematen didazun” esan eta “bularrean kolpea eman zion”. Bere burua babesteko makurtu zenean, gazteak gertakarien tokitik alde egin zuen. Momentuz ez dute inor atzeman edo atxilotu.
Hainbat politikarik publikoki gaitzetsi dituzte gertakari hauek. Joseba Asiron Iruñeko alkateak adierazi du “horrelako ekintzek Iruñeko gizarteak behin eta berriz adierazten duen elkarbizitzarako borondatearen aurka doazela” eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak “gure gizartean ez dagoela tokirik eraso edo jokabide intoleranteentzat” deitoratu du. Cristina Ibarrola UPNko buruak, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek ere erasoa gaitzetsi dute.
Mayak bi legealdi bete zituen Iruñean, 2011tik 2015era eta 2019tik 2023ra, tarteko legealdian Asiron alkate zelarik. Gaur egun, politikaren lehen lerrotik urrun mantentzen da.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista