Milaka pertsona bildu dira Iruñean Palestinako herriari elkartasuna adierazteko
Gizartea
Maite de Felipe Suso
Zazpi mila pertsona baino gehiago bildu dira larunbat honetan Iruñean, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Bertan, “hiru urteko sarraskia, desplazamendu behartua, gosea, suntsiketa eta zigorgabetasuna” salatu dituzte. Era berean, Yala Nafarroak Gazan elikagaiak eta sendagaiak sartzeko murrizketak eta osasun profesionalen kontrako eraso eta torturak gogoratu ditu.
Espainiako eta Nafarroako gobernuei Israelekin dituzten harreman diplomatikoak, ekonomikoak, komertzialak, akademikoak, kirolekoak eta kulturalak “behingoz eteteko” eskatu diete, eta Palestinarekiko elkartasun mugimendua kriminalizatu eta jazartzen amaitzeko ere exijitu dute. Ildo horretan, urriaren 8ko eta urriaren 17ko kontzentrazioekin bat egingo dutela iragarri dute eta horietan parte hartzeko deia luzatu dute.
Bestalde, plataformak manifestazioan babesa adierazi die egunotan egiten ari diren etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioei; izan ere, haien hitzetan, “Palestinako borroka gizateriaren borroka da”.

















