Skip to main content

Lokizko guraso elkartea Hezkuntza Departamentuarekin bildu da eskola garraioaren ibilbideari buruz eztabaidatzeko

Gizartea

Maite de Felipe Suso

2026, urr. 05 - 14:10

Eskola garraioa ezinbestekoa da Antzineko eskolara joaten diren haur askorentzat, inguruko herrietan bizi baitira. Aurten, Lokizko guraso elkarteak salatu duenez, eskola garraioan aldaketa “garrantzitsu” bat izan dute. Hain zuzen, arratsaldeko autobusean haurrek 50 minutu inguru pasa behar dituzte etxera itzultzeko. Arazoari konponbidea bilatzeko asmoz, astelehen honetan Hezkuntza Departamentuarekin bildu dira.

Guraso elkarteak azaldu duenez, aurreko ikasturtean 15 minutu inguru baino ez zuen irauten ibilbideak, baina aurten, bailarako beste herri bateko haur bat sartu da eskolara, eta nahiz eta hori albiste “pozgarria” izan eurentzat, aitortu dute autobusak herri horretara joateak ibilbidea luzatu duela.

Ikasturtea hasi zenetik daude gurasoak ibilbidea aldatzeko eskatzen, eta arratsaldeko autobusari uko egiten. Guraso elkarteak nabarmendu duenez, orain arte Hezkuntza Departamentuak hiru aukera baino ez dizkie eskaini, baina gurasoen aburuz, horietako batek ere ez du arazoa konpontzen. Batetik, ia 50 minutuko ibilbidea onartzea; bestetik, gurasoen esku uztea garraioa eta diru laguntza jasotzea; eta, azkenik, ibilbidea aldatu eta, beraz, beste haur batzuek ibilbide luzea egin beharko lukete.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista