Skip to main content

Saioa Alkaiza eta Julio Soto irabazle Donapaleu eta Tolosako saioetan

Kultura

Aimar Erkiaga

2026, urr. 05 - 15:10
Saioa Alkaiza eta Julio Soto gailendu dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako kanporaketetako laugarren eta bostgarren saioetan. Donapaleun eta Tolosan kantatuta, 683 puntu erdietsi ditu bertsolari bakoitzak. Ondorioz, zuzeneko txartela eskuratu dute txapelketako hurrengo faserako, eta Alkaiza Lekunberrin arituko den bitartean, Sotok Miarritzen abestuko du.

80 urteko baserritarraren azalean jarrita burutu du Sotok bakarkako lana, bere alabari utzitako oinordekotzan hausnartuz doinu eta neurri librean. Halaber, bikote harreman bat bizitzeko bi modu azaleratu eta bihotza hautsi berri dioten gizabanakoa haragitu du Alkaizak.

Puntuazioak argitaratuta, Euskal Herriaren egoeraren eta euskararen izaera iraultzailearen inguruan kantatuta agurtu du saioa bertsolari iruñarrak.
Hazparneko, Altsasuko eta Lekeitioko irabazleekin batera Txapelketako finalaurreetarako sailkatu dira zuzenean Soto eta Alkaiza. Beste bertsolariak, ordea, asteburu honetan Gotaine-Irabarnen eta Agurainen jokatuko diren bi kanporaketa saioak itxaron beharko dituzte.

Hau horrela izanik, igandean bukatuko da Txapelketako kanporaketa fasea, eta puntuazioz erabakiko dira lehen zati honetako irabazleei, eta orain dela lau urteko finalistei batuko zaizkien bertsolariak finalaurrekoetan.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista