Skip to main content

Lizarraldeko gurasoek haurrak ikastetxera eramaten dituen autobusak izandako istripua salatu dute

Gizartea

Maite de Felipe Suso

2026-10-21 13:05

Ikasturtea hasi zenetik, borrokan dago Lokiz Guraso Elkartea, eskola garraioan aurten izan dituzten aldaketak eta arazoak salatzeko. Hori gutxi ez, eta haurrak ikastetxera garraiatzen dituen autobusak istripua izan zuen joan den astean. Horren aurrean, gurasoek elkarretaratzea egin dute, eta argi utzi dute “bailara zein herri txiki eta despopulatutako biztanleak izanagatik ere, ez direla isilduko ezta uko egingo ere dagozkien zerbitzuei”.

Izan ere, istripua gertatu aurretik gurasoek ohartarazi zuten autobus handi batek errepidean izan zitzakeen arazoez. Bada, istripua jazo ondoren, Hezkuntza Departamentuari “intzidentzia” baten berri eman ziotela azaldu dute. Dena den, aitortu dutenez, oraingoz ez garraio enpresak, ezta Hezkuntza Departamentuak ere ez die inolako azalpenik eman ikastetxeari eta familiei.

 Ildo horretan, guraso elkarteak nabarmendu du arazoa konpontzeko asmoz eskola garraioaren ibilbidea aldatzeko proposamen bat igorri ziola Hezkuntza Departamentuari. Izan ere, azaldu dutenez, haurrek 50 minutu inguru eman behar dituzte autobusean etxera itzultzeko, nahiz eta bidaia horrek berez 20 minutu baino ez dituen irauten.

Horren aurrean, gurasoek linea bitan banatzea proposatu diote Hezkuntzari. Hala ere, azpimarratu dutenez oraindik ez dute erantzunik jaso eta horrenbestez, haien iritziz, “argi geratu da landa eremuaren kudeaketari uko egiten diotela”. Era berean, datozen asteetan ekimen gehiago iragarriko dituztela jakinarazi dute, “haurren ongizaterako eta herri zein bailararekiko errespetua eta haien iraupena bermatzeko oinarrizkoak diren zerbitzuak aldarrikatu arte”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista