Skip to main content

Irunen atxilotutako bi lagun espetxeratu ditu epaileak ustezko terrorismo delituengatik

Gizartea

Udane Arbeo Astigarraga

2026-10-21 13:03
Espainiako Auzitegi Nazionalak behin-behineko espetxealdia ezarri die 34 urteko gizon bati eta 22 urteko emakume bati, ustezko terrorismo delituengatik. Biak joan den larunbatean atxilotu zituen Ertzaintzak, Irunen, eta asteartean deklaratu zuten epailearen aurrean. Ikerketa irailaren 26an hasi zen, Eskoriatzan egindako kontrol batean. Ertzaintzak hiru pertsona identifikatu zituen, eta, Segurtasun Sailaren arabera, segurtasun indarrei buruzko informazioa eta ustez armak eta lehergaiak egon daitezkeen leku baten inguruko datuak zeramatzaten. Epaileak talde edo erakunde terrorista bateko kide izatea eta armak eta lehergaiak edukitzearekin lotutako delituak egotzi dizkie, besteak beste.

Defentsak, ordea, akusazioak auzitan jarri ditu, eta atxilotuen aurkako frogarik ez dagoela salatu du. Abokatuaren arabera, aurkeztutako informazioa jarduera politikoekin, bilera publikoekin eta ustezko infiltrazioak ikertzeko ahaleginekin lotuta dago. Defentsak, gainera, salatu du epaileak ez duela behar adina denbora hartu haren argudioak aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak azaldu du Ertzaintzak bere susmoak Auzitegi Nazionalaren esku utzi zituela, eta epaileak erabaki duela bi lagunak espetxeratzea ikerketak dirauen bitartean.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista