Hasi da Euskaraldia
Gizartea
Ane Garitaonandia
Hasi da Euskaraldia, eta maiatzaren 15etik 25a, 11 egunetan zehar, Euskal Herri osoko milaka lagunek, euren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko saiakera egingo dute.
Euskara aktibatzeko egiten den ariketa sozialik masiboena da Euskaraldia, eta lehen aldiz egin zenetik egiaztatu da Euskaraldiak euskarazko hizkuntza ohituretan aldaketa eragiten duela. Garrantzitsua da gogoraraztea Euskaraldiak proposatzen duen ariketa ez dagoela gaitasunarekin lotuta, baizik eta portaerarekin. Hala, Belarriprest eta ahobiziek, gutxienez aste eta erdian, lehen hitzak euskaraz egiteko ahalegina egingo dute; eta elkarrizketa elebidunak ugarituko dira, han eta hemen. Belarriprest direnak eroso esango dio parean duenari berarekin euskaraz hitz egiteko, eta ahal duen guztietan berak ere euskaraz egingo du. Txapa jantzita ibiliko dira herritarrak 11 egunetan, kalean, eskolan, lanean eta aisialdian euskaraz erosoago aritzeko.
Euskaraldiaren laugarren edizio hau hasi dela ospatzeko udaberri giroan murgilduta gainera hamaika ekitaldi antolatu dira Euskal Herriko txoko askotan. Ekitaldi nagusiak Donostian, Iruñean, Getxon (Bizkaia), Gasteizen, Bilbon eta Baionan izango direla iragarri dute antolatzaileek, baina beste toki askotan ere egingo dira. Testu bateratu bat irakurriko da, eta denek batera jarriko dute Euskaraldiko txapa 19:00etan. Hortik aurrera, dantza, musika eta ikuskizunak izango dira. Eta datozen egunetan ere ekitaldia ez dira faltako.