Gasteizko Korda espazioa babestu zuten lagunei 7000 euro baina gehiagoko isunak jarri dizkiete
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Iazko ekainean hustu zuten Gasteizko Korda espazioa, eta hau babestu zuten lagunei 7.000 eurotik gorako isunak jarri dizkiete. Martxoaren 17an iritsi zitzaizkien zigor ekonomikoak, greba orokorraren egunean, eta eraikinaren defentsan parte hartu zuten elkarteek oharra plazaratu dute egoera salatzeko.
Urteak hutsik zeramatzan espazioa 2022an berreskuratu zuten Herrizoma Elikadura Sareak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak. Hauen arabera, autogestioari eta pertsona askoren inplikazioari esker, hutsik eta egoera txarrean zegoen espazioa berritu zuten, eta auzoko kolektibo eta pertsonentzako erabilera komunitario eta politikoa eman zioten. Hala ere, lokalaren jabe den Gasteizko Udalak iazko apirilean jakinarazi zien desalojo agindua.
Ekainean hustu zuten lokala, eta hainbat pertsona gerturatu ziren babestera eta desalojoa salatzera. Elkarteen arabera, ertzainek indarkeriaz egin zuten desalojoa, eta espazioa babesten ari ziren 11 kideetatik bat zauritu zuten; hari arreta eman zion erizaina ere identifikatu zuten. Zauritutako kidearen aurkako salaketa artxibatu egin dute, epaileak ez zuelako delitu zantzurik ikusi, baina orain gainontzeko hamar kideei eta erizainari isunak iritsi zaizkie, guztira 7.000 eurotik gorakoak.
Horren aurrean, elkarteek egoera salatu dute eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu dute maiatzaren 9an, 12:30ean, Bittori plazan.

















