Eusko Jaurlaritzak Euskal Diasporaren Egunaren zortzigarren edizioa ospatu du
Gizartea
Maite de Felipe Suso
Eusko Jaurlaritzak Euskal Diasporaren Eguna ospatu du astelehenean. Ekitaldia Markina-Xemeinen izan da, bertako zesta-puntaren komunitatea ardatz hartuta. Diziplina horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren izena eraman du mundu osoko frontoietara eta horregatik, Euskal Diasporaren zortzigarren edizio honetan omenaldia egin zaie pilotariei.
Imanol Pradales lehendakaria eta Ander Caballero Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako idazkari nagusia Markinako frontoira hurbildu dira eta han pilotarien lana omendu dute.
Hitzorduan dantza tradizionalak eta hainbat erakusmahai izan dira, publikoak zesta-puntaren historia eta kultura sakon ezagutu dezan. Gainera, Mikele Irazusta diasporako artista argentinarrak berak diseinatutako mural bat sortu du, han bertan, eta zesta puntak Markinan izan duen eta oraindik duen garrantzia sinbolizatu du.