Skip to main content

Euskal kulturaren agertoki eta elkargune den Boiseko 'Jaialdi’a aurrera doa

Gizartea

Aiora Sillero

2025, abu. 01 - 12:08

Boisen ospatzen ari den ‘Jaialdi’ festa handia aurrera doa. Ostegun gauean Idahoko hiriburuan kirol eta dantza ikuskizunak ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Han egon zen Imanol Pradales lehendakaria, bertako zein nazioarteko artistak batu zituen ekitaldian.
Ostiral honetan Festara ekitaldi nagusia dute Boisen. Bertan, Arkaitz Añorgako Dantzariak egongo dira, 1962an sortutako dantza taldea, Euskal Herriko dantza talde zaharrenetako bat hain zuzen. Haiekin batera indarrez betetako emakume gazteek osatutako Neomak taldea egongo da ekitaldia girotzen. Hori gutxi ez eta Tio Teoren Semeak eta Oinkari Dantza Taldea ere Festara ekitaldian izango dira.
Esan bezala, lehendakaria Boisen dago, eta han egonda iragarri du Eusko Jaurlaritzak Diasporaren Lege proiektu bat helaraziko diola Legebiltzarrari, araudia garai berrietara egoki dadin. Gaur egun indarrean dagoen araudia 1994koa baita. Pradalesek egoera berriek urrats berriak eskatzen dituztela adierazi du, eta horrenbestez, lan egiteko moduak eta tresnak berritzeko unea dela. Era berean, Estatu Batuekin harremanak estutzearen alde agertu da, bere hitzetan, mundua bloketan banatzen den honetan, zaratatik haratago zubiak eraikitzen jarraitzea da helburua, loturak eta multilateralismoa indartuz.
Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean ospatzen da Boisen ‘Jaialdi’ festa. Amerikako Estatu Batuetako herrialdea euskal kulturaren agertoki eta elkargune bilakatzen da astebetez.

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista