Boiseko ‘Jaialdi’ festa handiaren hirugarren egunari ekin diote
Gizartea
Maite de Felipe Sosa
Boiseko ‘Jaialdi’ festa handiaren hirugarren egunari ekin diote. Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean euskal kulturaren agertoki eta elkargune bilakatuko da. Sei egun hauetarako egitarau zabala antolatu dute hurbilduko diren milaka bisitarientzako.
Bertan egongo den euskal blokean milaka lagun espero dira aste osoan baina Idahoko hiriburuko beste hainbat lekutara ere iritsiko da euskal ospakizuna.
Esaterako, asteazkenean, euskal musika, janaria eta dantzak izan ziren eguneko protagonistak. Ostegun arratsaldean berriz, herri kirolek hartuko dute lekukoa eta horretarako Euskal Herriko hainbat kirolari bertaratu dira. Beste batzuen artean, Karmele Gisasola eta Mikel Lopetegi “Urra” harrijasotzaileak egongo dira bertan, Nerea Arruti eta Iker Vicente Saralegi aizkolariak eta Nerea Egurrola eta Kerman Perez de Heredia txinga erute txapeldunak.
Hori gutxi ez eta Euskal Herritik milaka kilometrotara ere bertsoak entzungo dira. Onintza Enbeitia, Nerea Ibarzabal eta Xabi Payak euren inprobisazio saioekin girotuko dute Amerikako Estatu Batuetan kokatuta dagoen Boise herrialdea.
Bestalde, han dagoen Imanol Pradales lehendakariak etorkizunean campus transozeaniko bat sortuko duela iragarri du, EHUren eta Boise State Universityren artean. Jakinarazi duenez, campus horren lehenengo urratsak ingeniaritza arloan ematea aurreikusita dago.