Skip to main content

Espedizioaren bigarren asteari ekin diote Euskarabenturako gazteek

Gizartea

Ane Garitaonandia

2025, uzt. 08 - 11:07

Espedizioaren bigarren asteari ekin diote Euskarabenturako gazteek. Espedizioaren lehenengo eguna Auritzen hasi dute eta Euskal Herriko herririk altuenera abiatu dira, Abaurregainara hain zuzen. Herri hau, itsas mailatik 1.050 metrotara dago. Hala ere, antolatzaileek azaldu dute Auritz ere altu dagonez ez dutela horrenbesteko altuera igo behar izan. Beraz, Euskarabenturako gazteek etapa luzea baina aldapa gutxikoa izan dute espedizioaren lehenengo egunean.

Dena den, euria izan dute bidelagun etapa guztian zehar, eta horrek, ortzadarraz gozatzeko aukera eman die. Gosetuta eta bustita heldu dira Abaurregainara, baina hurrengo egunari begira, masaje tailerra egin dute. Horretan, erlaxatzeko aukera izateaz gain, euren giharrak nola deskargatu ikasi dute.

Espedizioaren lehenengo asteko balorazioa ere egin dute, eta pozik adierazi dute abenturaz gozatzen ari direla. Zazpi egunetan zehar leku eta jende asko ezagutzeko aukera izan dutela gaineratu dute, esaterako, Maulen Euskal Herria Zuzenean festibaleko kideak ezagutzeaz gain Xiberoots taldearen bisita izan zuten, Pagolan Gaia elkarteko kideekin herri kiroletan ibili ziren eta Larzabalen berriz, Oztibarreko Basandreek euren historia eta antolaketa azaldu zieten.

Uztailaren 31 emango diote amaiera aurtengo Euskarabenturari, Euskal Herriko hainbat eta hainbat herri ezagutu ostean. Edizio honetan 126 gazte dira abenturaz gozatzeko aukera izan dutenak.

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista