Akusazio partikularrak 290 urte eskatu ditu Hondarribiko surf irakaslearentzat, sexu erasoengatik
Gizartea
Ane Garitaonandia
Martxoaren 10ean hasi dira epaitzen hamar urtez adingabeei sexu erasoak egiteaz akusatutako surf irakaslea. Hondarribiko surf eskola batean aritzen zen, eta 2011tik 2021era 11 adingaberi sexu erasoak egitea leporatzen diote -denek 16 urte edo gutxiago zituzten erasoak gertatu zirenean-. Sexu erasoengatik ez ezik, haurren sexu esplotazioa erakusten duen materiala edukitzeagatik dago auzipetuta gizona.
Ateak itxita izan da epaiketa Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko hirugarren aretoan, biktimen lekukotzarekin. Gipuzkoako Fiskaltzak guztira, 86 urteko zigorra eskatu du: 85 urtekoa sexu erasoengatik, eta urtebetekoa irudiengatik.
EFE berri agentziak jakinarazi duenez, bestalde, akusazio partikularretako batek zigor gogorragoa eskatu du: 290 urte inguru, zigor guztiak batuta. 11 biktimetatik hamar ordezkatzen ditu akusazio horrek. Defentsak, azkenik, akusatua absolbitzeko eskatu du.