EAEko mutilen %14,6k uste du genero-indarkeria “asmakizun ideologikoa” dela
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
EAEko mutil gazteen %14,6k genero-indarkeria ez dela exisititzen eta “asmakizun ideologikoa” dela uste du. Halaxe islatzen du Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko txosten batek, gazteek hainbat gai esanguratsuri buruzko iritzia jasotzen duenak. Gainera, mutilen % 42k adierazi du urrunegi iritsi dela gizartea emakumeen berdintasuna sustatzeari dagokionean, eta orain gizonak diskrimininatuta daudela. Hala ere, nesken %66,4 beldur da gauez bakarrik ibiltzeko, mutilen %29,1en aurrean.
’Nerabeak Euskadin. Egoeraren eta balioen pertzepzioa’ izenburupean argitaratutako txostenak 15 eta 17 urte bitarteko nerabeei egindako azken 25 urteko inkesten datuak jasotzen ditu. Bizi-kalitateari dagokionez, nerabeen %61,2k uste dute beren gurasoak haien adina zutenean baino hobe bizi direla. Hala ere, Xabier Legarreta Gazteriako eta Erronka Demografikoko sailburuordeak azpimarratu duenez, datu hori 2008tik jasotako txikiena da, eta horrek adierazten du nerabeek etorkizunari buruzko ikuspegi “zuhurragoa” dutela.
Bestalde, EAEko nerabeen % 80 baino gehiago sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren, eutanasiaren eta abortuaren alde daude. Atzerritarrei dagokionez, 15 eta 17 urte bitarteko lau pertsonatik batek uste du kanpoko pertsona gehiegi dagoela EAEn, eta ia erdiek lan-kontratua dutenei soilik erraztuko liekete sarrera.

