Xenpelar Bertso Eskolako eta Kukaiko indarkeria matxisten kasuak debate politikora igaro dira
Politika
Udane Arbeo Astigarraga
Errenteriak azken asteotan Euskal Herriko eztabaida publikoaren erdigunea hartu du Xenpelar Bertso Eskolaren eta Kukai dantza konpainiaren inguruan azaleratutako indarkeria matxistaren kasuengatik. Baina denborak aurrera egin ahala, eztabaidak beste dimentsio bat hartu du: sexu erasoen auzitik debate politikora igaro da neurri handi batean.
Hasieran fokua biktimek eta haien testigantzek hartu zuten. Xenpelarren kasuan, urte luzez botere-harreman desorekatuak eta sexu indarkeriarekin lotutako jokabideak salatu dira. Bada, Udalak Bertso Eskolaren jarduera bertan behera uztea erabaki zuen, gertaera guztiak irmoki gaitzetsiz, eta biktimekiko erabateko elkartasuna adieraziz, bertso eskola udal zerbitzu bat delako, lizitazio publiko bidez Xenpelar Bertso Eskola Elkarteak kudeatzen duena. Kukairen kasua, berriz, bestelakoa da: dantza konpainiak ez du udalaren zerbitzu propiorik kudeatzen, eta udalak ez du esku-hartze zuzenik euren jardunean.
Bada, Xenpelar Bertso Eskolaren kasua publiko egitearekin batera, Kukai dantza konpainiaren inguruko informazioa ere mahai gainean jarri zuen Udalak. Hala ere, bi auziak ez dira izaera berekoak. Edonola ere, bi kasu horien muinean zaindu beharrekoak biktimak eta euren nahia direla lehenetsi du udalak; baina laster aldatu zen eztabaidaren norabidea. Izan ere, gaur egun, ez da hainbeste hitz egiten gertatutakoaz, baizik eta nork zekien zer, noiz jakin zuen eta nork eman behar dituen azalpen politikoak.

















