Hiru hagin landatu dituzte Altzon Gipuzkoako armarrian ageri diren oroigarri gisa
Politika
Ane Garitaonandia
Gipuzkoako armarrian ageri diren hiru haginen oroigarri gisa hagin bana landatu dute Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariak, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Olano Altzoko alkateak. Hori izan da “Ipuscua” izena idatzirik ageri den 1.025 urteko agiria gorde duen herriari, Batzar Nagusiek egindako oparia.
Xabier Ezeizabarrenak adierazi du zuhaitzek, “iraupena, politikaren helburua” eta “askatasuna” iradokitzen dituztela, eta ezinbestekoa dela gogoan izatea 1000 urteko historia honetan, Gipuzkoak herri ikuspegia duela eta Euskadiko parte dela, bere borondatez. Euskararen defentsaren alde egin du, esanez, “euskara gurea dela, antzinako gipuzkoarrena zen bezala, eta gure ondorengoei utzi nahi diegulako beste ezerek ez bezala elkar ezagutzen eta batzen gaituena: gure hizkuntza zahar eta berria, euskara”.
Batzar Nagusiek Altzoko herriari Aiako Harritik, Herniotik eta Aralartik ekarritako hiru haginak oparitzea nabarmendu du Xabier Olanok, Altzoko alkateak. Era berean, gaineratu du landatutako hiru haginak nafar eta gipuzkoarren harreman naturalen lekuko izango direla. Izan ere, Altzotik abiatu eta Nafarroako Azkaratera doan mendi-bidearen albotan ehunka hagin topa daitezke, eta ohartarazi du, horiek guztiak mendez mende izan diren harremanen lekuko dotoreak direla, artadi, pagadi eta hariztiekin batera.
Eider Mendozak, diputatu nagusiak, berretsi du Euskal Herrian oso errotua egon den ohitura izan dela esanahi berezia duten zuhaitzen “babesean batzartu, hitz egin, eztabaidatu eta ondoren, komunitatearen mesedetan erabakiak” hartzekoa. Bide batez, aukera aprobetxatu du esateko, munduan zehar indibidualismoa eta kontsumismoa hedatzen ari den bitartean, eurek kontrako norabidean eragin nahi dutela. Hortaz, hagin hauek landatuz gipuzkoarren eta euskal herritarren komunitate balioak indartu nahi dituztela, mundura zabalik bai baina, euskal sustraiak zainduz eta indartuz aurrera egin nahi dutela jakinaraziz.
Txalaparta soinuarekin girotu dute ospakizuna Juan Mari Beltranek eta Aitor Beltranek. Batzar Nagusietako buruarekin batera egon dira Zelai Amenabarro, Jesus Zaballos eta Jorge Mota. Alderdi guztietako batzarkideak ere bertaratu dira,. Foru Aldundiaren ordezkaritza ere izan da ospakizunean, hain zuzen, Mendoza diputatu nagusiak eta foru gobernuko lau diputatuk osatu dute.

