Skip to main content

Euskal Herriak 23 diputatu 16 senatari aukeratuko ditu igandeko bozetan Espainiako Gorteetarako

Politika

Udane Arbeo Astigarraga

2026-11-24 13:14
Azaroaren 29an, Hego Euskal Herriko herritarrek 23 diputatu eta 16 senatari aukeratuko dituzte zuzenean Espainiako Gorteetarako. Baina nola banatzen dira ordezkari horiek? Eta zer eragin izan dezakete Madrilgo erabakietan? Kongresuan, Araba lau diputatuk ordezkatuko dute, Bizkaiak zortzi izango ditu, Gipuzkoak sei eta Nafarroak bost. Senatuan, berriz, lurralde bakoitzak lau ordezkari aukeratuko ditu zuzenean. Horiez gain, Eusko Legebiltzarrak hiru senatari izendatuko ditu eta Nafarroako Parlamentuak beste bat. Baina eserleku kopurutik harago, ordezkaritza horrek badu garrantzi politiko handiagoa. Izan ere, Kongresuak 350 diputatu ditu, eta gehiengo absolutua lortzeko 176 boto behar dira. Inkesten arabera, ez dago argi gehiengo hori nork osatuko duen. Hortaz, alderdi handiek beste indar politiko batzuen babesa beharko dute Gobernua osatzeko edo legeak aurrera ateratzeko. Eta hor sartzen dira euskal alderdiak. EAJk eta EH Bilduk, besteak beste, ordezkaritza lortzen badute, haien botoak erabakigarriak izan daitezke gehiengoak osatzeko. Ez dute zertan alderdi bozkatuenak izan, ezta diputatu gehien dituztenak ere. Nahikoa izan daiteke gehiengo jakin bat osatzeko beharrezkoak izatea. Horrek negoziazioetarako aukera ematen die. Euskal Herriko erakundeentzako eskumen gehiago eskatzeko, azpiegituretan inbertsioak lortzeko, pentsioak hobetzeko edo euskararen aitortzan aurrerapausoak bultzatzeko, esaterako. Hala ere, ordezkaritza izateak ez du berez emaitzarik bermatzen. Eserleku kopuruak, alderdien arteko akordioek eta negoziatzeko gaitasunak baldintzatzen dute eragin hori.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista