Ceutako migratzaileen aurkako arrazakeria salatzeko kaleak hartu dituzte milaka euskal herritarrek
Politika
Maite de Felipe eta Gaizka Leitza
Milaka euskal herritarrek kaleak hartu dituzte Ceutan lehertutako migrazio-krisia dela eta. Izan ere, Alderdi Popularrak eta Euskal Konstituzionalistak bezalako taldeek deitutako mobilizazioen aurrean, ezkerreko hainbat taldek kontramanifestazioak egin dituzte Euskal Herriko hiriburuetan, pertsona migratzaileen eskubideen defentsan.
Gasteizen, aurrez aurre egon dira bi aldeak eta Alderdi Popularrak deitutako mobilizazioan Ceutaren aldeko oihuak entzuten ziren bitartean, GKSk deitutakoan, aldiz, faxismoa eta xenofobia salatu dituzte.
Donostian Euskal Konstituzionalistak deitutako deialdian, Ceutan “egoera irregularrean” sartu ziren migratzaileak “lehenbailehen” kanporatzeko exijitu dute. Sare Antifaxistak deitutako mobilizazioan, berriz, faxismoaren aurkako borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute.
Bilbon, gizarte eragileek eta alderdi eskuindarrek deitutako deialdien artean istilurik egon ez zedin dispositibo handia antolatu du Ertzaintzak. Izan ere, bertan gizarte eragileek salatu dute “inor ez dela ilegala” eta “Ceutan dauden migratzaileak babestu beharko lituzkeen legeak ez dituztela bete”.
Iruñean ere antzeko egoera izan da. Zehazki alderdi eskuindarrek eta ultraeskuindarrek deitutako deialdiaren aurrean, deialdi antifaxista eta arrazismoaren aurkakoa egin dute, “Ez nahastu etsaiz, faxismoari eta arrazakeriari arnasarik ez” lelopean. Haien iritziz, “Ceutako egoera aprobetxatuz, arrazakeria eta migratzaileen aurkako jazarpena zabaltzen ari dira”.
Lurralde guztietako mobilizazioetan Ertzaintzaren presentzia nabaria izan da. Hain zuzen ere, Bilbon kontzentrazioak hasi aurretik, 20 lagun identifikatu dituzte; Iruñean ere, Espainiako Poliziak hainbat pertsona identifikatu ditu Alde Zaharrean.

















