Bederatzi egunez Donostia zinemaren hiria izango da Zinemaldiaren 74. edizioarekin
Kultura
Ane Garitaonandia Etxebarria
Berezi dator aurtengo zita, mundu osoko zinemagile, antzezle, ekoizle eta gidoilariak batuko ditu Donostiak.
47 herrialdetako 263 film eta 658 proiekzio eskainiko dira aurten. Euskal zinemak ere presentzia nabarmena izango du. 31 euskal film ikusiko dira Zinemaldian eta horietatik 26 izango dira "erabat edo hein batean" euskaraz. Euskarazko edo Euskal Herrian ekoitzitako film gehienak Zinemira sailean aurkeztuko dituzte aurten ere. Igor Legarretaren 'Inurri itsuak' lanak irekiko du atala.
Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamahiru proposamen jasoko ditu, eta horietako hamar mundu mailako estreinaldiak izango dira. 22an izango da Euskal Zinemaren Gala, eta bi izen nabarmenduko dira aurten: Joxe Ramon Soroiz eta Aitziber Garmendia aktoreenak. Soroizek Zinemira saria jasoko du eta Distira saria, berriz, Garmendiak.
Hasiera indartsua izango du Zinemaldiak. Fatih Akinen 'Geister' filmak irekiko du Sail Ofiziala, eta, ohikoa ez den arren, lehen bi egunetan banatuko dituzte aurtengo bi Donostia sariak. Werner Herzog zinemagileak jasoko du lehena inaugurazio galan, eta irailaren 19an, Naomi Watts aktoreak jasoko du saria.
Sail Ofizialak, guztira, 25 ekoizpen bilduko ditu, eta hamazazpi izango dira Urrezko Maskorra eta gainontzeko sariak eskuratzeko lehian. Urrezko maskorraren bila, horretan lehiatuko da Mikel Gurrea euskal zuzendariaren 'Sants' filma. Lehiaz kanpo emango dituzte, Koldo Almandozen 'Azken agurra', euskara hutsezko bakarra, eta David Perez Sañudoren 'Sacamantecas', aurten euskara Sail Ofizialera eramango duten pelikulak.
Aurtengoa da gainera Jose Luis Rebordinosen azkena zinemaldiko zuzendari gisa, eta Maialen Belokik hartuko dio lekukoa.

















