Skip to main content

Emakumeen aurkako indarkeria kasuek gora egin dute Nafarroan azken urtean

Gizartea

Maite de Felipe Suso

2026-11-25 11:51
Nafarroan goranzko joera izan dute emakumeen aurkako indarkeria kasuek azken urtean. Hala baieztatu du Osasunbideak. Hain zuzen ere, 2026ko urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra bitartean, 794 kasu antzeman dituzte; 2025eko denbora tarte berean, aldiz, 715. Hau da, %11ko igoera izan da. Ez hori bakarrik, aurreko urteekin alderatuta ere, goranzko joerak bere horretan jarraitu duela azaldu dute. Esaterako, 2022an 1.097 indarkeria kasu erregistratu zituzten, eta 2025ean, berriz, 1.267.
Bestalde, hautemandako indarkeria motari dagokionez, adierazi dutenez, indarkeria fisikoa da ohikoena: 2025ean erregistratutako kasuen %68, hain zuzen ere. Osasunbideak adin tarteak ere aztertu ditu, eta artatutako emakume gehienak, %71, 44 urtetik beherakoak direla ondorioztatu du.
Osasunbideko osasun sailburu Fernando Dominguezek indarkeria matxistaren aurkako prebentzioa ezinbestekoa dela adierazi du. Horretarako osasun publikoan diharduten langileak sentsibilizatu eta prestatu behar direla nabarmendu du. Era berean, konpromiso instituzionala irmoa dela azpimarratu du. Haren hitzetan, “Nafarroako osasun publikora laguntza bila doan emakume bat ere ez dadila bakarrik, babesik gabe edo arretarik gabe sentitu”.
Dominguezek azaldu duenez, Osasunbideak 2024tik martxan duen Emakumeen aurkako Indarkeria Goiz Detektatzeko Estrategiak, indarkeria kasu gehiago diagnostikatzea ahalbidetu du.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista