Santiago Egunean milaka arabar biltzen dira hiriko Alde Zaharrean baratxuriak erosteko
Kultura
Maite de Felipe Suso
Gasteizen Santiago Eguna ospatzen da uztailaren 25ean, Blusaren eta Neskaren Eguna izenez ere ezaguna. Hiriko jai-egutegiko egunik adierazgarrienetako bat da: jai nagusiak abuztuaren 4tik 9ra ospatzen diren Andra Maria Zuriarenak badira ere, Santiago Egunak markatzen du jai giroaren hasiera.
Uztailaren 25eko ospakizunak erlijioa, euskal kultura, gastronomia, herritarren partaidetza eta merkataritza jarduera uztartzen ditu.
Izan ere, egun horretan egiten da Gasteizko tradiziorik zaharrenetako eta berezienetako bat. Urtero Errege Atariko kalea eta San Frantzisko Aldapa dozenaka postuz betetzen dira, eta bertan, milaka baratxuri sorta saltzen dituzte. Gaur egun, merkatua eguneko ikur bilakatu da.
Tradizioaren jatorria XIX. mendekoa da, Arabako zein inguruko nekazariek bildu berri zituzten baratxuri uztak saltzeko aprobetxatzen baitzuten Santiago Eguna. Denbora igaro ahala, merkatua urteroko ezinbesteko hitzordu gisa finkatu da Gasteizko nekazaritza eta merkataritza egutegiaren barruan.
Baina zergatik baratxuriak? Arrazoiak ez dira gutxi. Hasteko, sukaldaritza tradizionalean erabiltzen den oinarrizko elikagaia da, eta gainera, kalitaterik galdu gabe kontserbatzen da hainbat hilabetetan. Horrez gain, gaixotasunak ekiditeko eta sendatzen laguntzeko erabilgarria da.
Gaur egun nekazaritzak tokiko ekonomian pisu txikiagoa badu ere, baratxuriaren merkatuak bizirik eusten dio bere izaera tradizionalari. Gaur egun, 70 postu inguruk hartzen dute parte merkatuan eta urtero milaka pertsona biltzen dira postuetan baratxuri sortak erosteko ez ezik, baita belaunaldiz belaunaldi transmititutako ohitura bizirik mantentzeko ere. Zehazki, baratxuri sorta jaiaren irudi bereizgarriena bihurtu da.
Arrazoi ekonomikoak zirela medio jaiotako praktika hau kultur ondare bilakatu da, eta gaur egun, Baratxurien Azoka ez da soilik salerosketarako lekua, Arabako lehen sektorea balioesteko tokia eta hiritarren zein nekazarien arteko topagune ere bada.

















