Sail Ofizialeko azken filmak aurkeztu ditu Donostia Zinemaldiak
Kultura
Aimar Erkiaga
Jesse Eisenbergen, Fred Cavayéren, Amanda Kernellen eta Gabriel Martinsen lan berriek, eta Ah Biaoren eta Tony Vahlen opera primek, bat egingo dute aurretiaz aurkeztutako Mike Leigh, Pablo Larraín edo Mikel Gurrea bezalako zinemagileen azken filmekin.
Hamasei izango dira guztira aurtengo Urrezko Maskorrarengatik lehiatuko diren filmak, eta beste 6 ekoizpen ere ikusiko dira Sail Ofizialean, hori bai, lehiaketaz kanpo. Hauen artean aipagarriak dira David Perez Sañudo bilbotarraren eta Koldo Almandoz donostiarraren lan berriak.
Irailaren 18an hasiko da Ricardo Darin irudi ofizialtzat duen edizioa. Eta pasaden astean iragarri bezala, Werner Herzog alemaniar zinemagile beteranoa omenduko du Zinemaldiak bere 74. urteurrenean. Aguirre, Fitzcarraldo edo Nosferatu bezalako filmak zuzendu dituen zuzendariak Donostia Saria jasotzeaz gain, Veneziako Zinemaldian estreinatuko den Bucking Fastards, bere azken lana, proiektatuko du primizian.
Sail Ofiziala itxita, datorren asteetan iragarriko dira urteko film entzutetsuenak batzen dituen Perlak Saila, zinema esperimental eta libreago baten aldeko apustua egiten duen Zabaltegi Tabakalera edo hamaika euskal ekoizpen proiektatzen dituen Zinemira Saila. Era berean, gutxienez beste Donostia Sari baten iragarpena ere burutuko da 74. Edizioa borobiltzeko.

















