Goya sariak Nafarroa Arenan izango direla baieztatu dute
Kultura
Maite de Felipe Suso
Goya sarien 41. edizioa Iruñean izango da. Hala baieztatu du Fernando Mendez-Leitek, Zinema Akademiako presidenteak, Madrilgo egoitzan egindako ekitaldi batean. Bertan, sari banaketa 2027ko otsailaren 6an, larunbatean, Nafarroa Arenan egingo dutela ere iragarri du.
Presidenteak gogorarazi du sarietan parte hartu duten profesional asko nafarrak direla, besteak beste, Alfredo Landa, Najwa Nimri, Itxaso Arana eta Fernando Gonzalez Molina. Ildo horretan, Maria Chivitek, Nafarroako Gobernuko presidenteak, azpimarratu du “ohorea eta erantzukizuna” dakarrela Goya sariak hartzeak. “Zinemak entretenitu egiten du, baina baita irudimena zabaldu eta pentsamendu kritikoa pizten du ere” adierazi du Chivitek, eta Nafarroa zinemarako eta filmaketetarako erreferente gisa kokatzen ari dela azpimarratu du.
Ildo beretik jo du Joseba Asironek, Iruñeko alkateak. Haren esanetan, Goya sariak “azken hiru urteetan Iruñea zinema-hiri eta kulturan murgildutako hiriburu gisa indartzeko egin duten ahaleginen bultzada” dira. Hain zuzen, sariak Nafarroan ospatzea, Asironen hitzetan, “oso aukera ona da gure kultura erakusteko, gure bi hizkuntzak aldarrikatzeko eta estatu mailan zein nazioartean berezi egiten gaituen hori partekatzeko”.

















